"Sua indartzen ari gara"
Antton Iturberen hitzaurrea
Inbidia diet liburu honetako egileari eta protagonista guziei. Bertan azaltzen den musikari, ekoizle, teknikari, zale eta entzule bakoitzaren lekuan egon nahi nuke Akauzazteren entseiu, konposaketa prozesu edota grabaketen kontu ematen duten bakoitzean. Baita Euskal Herrian inoiz izan dugun musika talderik bereziena eta agian handienaren larruazal aldaketa bakoitzaren testigu, bertaratzerik izan ez dudan kontzertu guzti horien trantzean murgildu ahal izan direla irakurtzean.
2005 inguruan egin nuen topo lehenengo aldiz Akauzazterekin. Azalberritan diskoaren bitartez izan zen. Ez nekien ezer izen aldrebesko talde misteriotsu hari buruz eta egia esan, bertan Josetxo Anituak kolaboratzen zuela ikusteak bultzatu ninduen CDa erostera. Grabaketa hark lehen unetik nigan izan zuen inpaktua bizitza aldatzen duteno horietakoa izan zen; urteak, mendeak eta agian milurtekoak nik aurkitzearen zain egondako mezu ezkutu baten aurrean sentitu nintzen. Nire barnean ordurarte guztiz ezkutatuta iraundako zuntz bat bibratu arazi zuen eta denboran eta espazioan oso urrunera, halako big-bang pertsonaleko une batetara eraman ninduen. Handik aurrera, eta taldea 90ko hamarkada hasieratik martxan zegoela jakitean, aztarna bila, galdutako denbora berreskuratzeko lasterketa frenetiko batean murgildu nintzen, taldeak gerora argitaratu dituen disko eta eman dituen kontzertu guziei adi mantentzen nintzen bitartean.
Azalberritan estreinako aldiz entzun nuenetik, hogei urtez, hamaika disko entzunaldi, kontzertu eta solasaldien ondorioa artikulu eta kronika trakets batzuetan azaltzen saiatu ondoren, misterioak bere horretan iraun du. Taldeak nigan duen erakarpen indar jasanezin horren jatorri eta zergatiaren enigma ezin izan dut ebatzi. Baina, aldi berean, alde guztietatik gainditzen nauen izaki musikal horrekiko atxikipena eta mirespena handitu egin da urte hauetan egin dudan saiakera bakoitzean. Beraz, eskuartean duzun liburu eder honetako deskribapen zorrotz bezain sutsuen laguntzaz bertako izan ez nintzen gertaera guzti horien kontu zehatz eta sakona ematen den aldi guztietan inbidiaren ziztada sentitu dut. Bizi izan ez ditudan une horiek nire buruan —plazer handiz— berreraikitzen saiatu naiz aldi oro.
Inbidiaz gain izugarrizko mirespena diot Iñigori. Egin duen lan sakon eta zoragarri honetan bizi izan duena irudikatzean han egon nahi nuke nik ere eta inoiz ausartu ez naizen geruza eta kobazulo askoz sakonagoetara jaistera ausartu, behingoz. Baina, batik bat, aurretik Azkoitiako izaki musikal mitologiko horri buruz idatzi eta azaldu nahian aritu garen guztion ondoan inor baino modu kartsu, erromantiko, bizi, sakon, handi, liluragarri eta kementsuagoz aurre egin eta kontakizuna gu guztiokin elkarbanatzeko gai izan delako diot inbidia eta mirespena. Berak eman baitit giltza; Akauzaztera gerturatzeko eta haren esentzian murgiltzeko eta harekin bat egiteko modu bakarra. Logika kartesiarraren lege guztiak alde batera utzi eta giharrei, senari, aintzinako arbasoen aztarnari eta izpirituen isilpeko esanari jarraitzeko ordua dela, alegia. Arrazoiaren porrota, gorputza, lurra eta kosmosaren (ez)logikaren unea.
Eta amaitzeko, zuri dizut inbidiarik handiena, bai taldearen musika ezagutu baita inoiz entzun ez baduzu ere, orrialde hau pasa eta irudikatzerik ezin duzun abentura miragarri honetan murgiltzeko zorian zaren irakurle ezezagun horri. Ongi etorri sutondora.
ANTTON ITURBE